Postmortem esplantatutako bihotzeko gailuen berrerabileraren bideragarritasuna eta horren gaineko iritziak
-
1
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
info
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
Lejona, España
ISSN: 2530-9412
Año de publicación: 2024
Volumen: 8
Número: 1
Páginas: 39-50
Tipo: Artículo
Otras publicaciones en: Osagaiz: osasun-zientzien aldizkaria
Resumen
Gaixotasun kardiobaskularrak heriotza-kausa nagusia dira diru-sarrera baxuko eta ertaineko herrialdeetan. Herrialde horietan, bihotzeko gailuetarako (adibidez, taupada-markagailuak) sarbidea mugatuta dago, haien kostu handia dela eta. Errenta altuko herrialdeetan, gailuak postmortem esplantatu ohi dira, oraindik urteak funtzionatzeko bateria dutelarik. Egoera hori ikusita, erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarri eta seguru gisa aurkeztu da azkenaldian. Ikerketa honek nazio-mailan postmortem esplantatzen diren gailu elektroniko kardiakoak errenta baxu eta ertaineko herrialdeetara dohaintzan ematearen bideragarritasuna aztertzea izan zuen helburu. Horretarako, literatura zientifikoaren berrikuspen bat egin zen. Ondoren, iritzi-inkestak egin zitzaizkien bihotzeko elektroestimulazio-terapietako espezialistei, bihotzeko gailuak zituzten pazienteei eta Boliviako ospitale batean gailu berrietarako sarbiderik ez zuten pazienteei praktika horiei buruz. Azkenik, inguruko ehorztetxeetan postmortem esplantatutako gailuen bi lagin aztertu ziren. Literaturaren berrikuspenaren emaitzek perspektiba positiboak islatu zituzten dohaintza egiteari dagokionez errenta altuko eta baxuko herrialdeetan. Bolivian egindako ikerketan, gailu berrietarako sarbiderik ez zuten pazienteetan gailuak berrerabiltzearen aldeko jarrera ikusi zen. Bihotzeko elektroestimulazio-terapietako espezialisten gehiengoak esplantatutako gailuak dohaintzan ematearen aldeko lehentasun handia erakutsi eta berrerabilera alternatiba seguru eta etikotzat hartu zuen. Gailuak inplantatuta zituzten pazienteek ere dohaintza egiteko borondate handia erakutsi zuten, gailu berrietarako sarbiderik ez dutenei laguntzeko. Gainera, 6 hilabeterik behin ehorztetxeetan gailuen bilketa estandarizatu bat aplikatuz, postmortem esplantatzen diren gailuen % 50 berrerabil zitekeela aurkitu zen. Ondorioz, nazio-mailan postmortem esplantatutako bihotzeko gailuen dohaintza-programa bat sortzea bideragarria izan daiteke errenta baxuko eta ertaineko herrialdeetako paziente askori tratamendu-alternatiba bat eskaintzeko, nahiz eta praktika horren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko protokolo estandarizatuen ikerketa eta garapen gehiago behar diren.